Gizarte zerbitzuak

Gai honetan arazoa landa eremuan ematen da. Auzo handiek (hirigunetatik gertu ez daudenetan behintzat) Gatzagaren egoera antzekoa daukate. Txikiek, sakabanatuek eta hirigunetik urrunen dauden auzoek gabezi handienak dituzte. Hala ere, nahiz eta zerbitzua herrigunean eman, larrialdiren bat egonda medikua baserrietara joaten da.

Arazo nagusienak landa eremurako errepide azpiegitura kaxkarrak (kasu batzuetan) eta garraio publikoaren gabezia (kasu gehienetan) dira. Horrela osasun zerbitzuetara heltzeko garraio pribatura jo beharrean aurkitzen dira baserritarrak, jende adinduentzat, batez ere, traba handia da hau.

Zerbitzu askok biztanle kopuru handiko guneetan zentralizatuta jarraitzen dute eta bertatik urrun bizi den jendeari horrek trabak dakarzkio. Horren adibide bat Eguneko Zentroak eta egoitzak dira; nahiz eta zerbitzua eskualde mailan nahikoa izan daitekeen, landa inguruko adindu askorentzat haustura handia da hirigunera joan behar izatea (Adib: Elgeta eta Antzuolako kasua, Bergarako Egoitzara joan behar dute bertako adinduek).
Proiektu batzuk burutu dira, bai Elgetan eta bai Antzuolan Eguneko Zentroak eta pisu tutelatuen zerbitzua eskaintzen da.

Baserri munduaren apurtze arazo hori nabariagoa da herri txikietan eta auzo handietan (nortasuna mantentzen duten guneak) auzo txikietan baino. Azkeneko hauetan bizilagunen arteko harremanak asko galdu dira eta baserritarrek asko jotzen dute hirigunera.

Baserrietako biztanleentzat, beste oztopo bat, laguntzak orokorrean kaleko jendeari begira ezartzen direla da. Horrela, pobrezako laguntzak adibidez (etxeko mantenimendu gastuetarako, errepideak konpontzeko, etb.), nahikoak izaten dira kaleko jendearen beharrak asetzeko, baina ez baserrian bizi direnentzat (mantenimenduko gastuak askoz ere altuagoak dira baserritarrentzat).

Etxez-etxeko zerbitzua udalerri guztietan ematen da (normalean 3 ordutakoa) eta baserrietara iristeko ematen diren gastuak (gasolina, garraioa, etb.) udaletxeek onartzen dituzte.