Kokapena

Debagoieneko Eskualdea Euskal Autonomi Erkidegoko erdialdean dago, Gipuzkoako hego-mendebaldean.

Eskualdeko ardatz nagusia Deba ibaiak osatzen du; Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate eta Bergarako udalerriak zeharkatzen dituena. Ardatz honen ezker aldera Elgeta geratzen da eta eskubitara Antzuola eta Oñati. 8 udalerri hauek dira eskualdea osatzen dutenak. Hala ere, bailara eta Eremu Funtzionala Arabako Aramaio udalerriak ere osatzen du.

Eskualde hau osatzen duen bailara oso estua da eta honen ondorioz orografia aldapatsuak edozein arlotako hazkuntza eta hedapena mugatzen du. Hau, batez ere, ardatz nagusi diren udalerrietan gertatzen da, bere hiriguneek saturazio maila altua dute.

Bere kokapenak (hiru lurralde historikoekin muga egiten du) Bizkaia eta Arabako lurraldeekin harreman estua eta bertarako joera izatera eraman du Debagoiena. Arrasate da hirigune nagusia eta Bergara bigarrena.