Faktore kritikoak eta lehiatzeko abantailak
Eskualdeak dituen ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak aztertu ondoren, landa eremuetarako kritiko izan daitezken faktoreak eta lehiatzeko abantailak ere definitu dira.
Faktore Kritikoak
Nekazaritzaren kritikotasuna: Debagoiena eskualdean, landa inguruneko ezinbesteko aktibitatea den nekazaritza, neurri kritikoen azpitik dago. Dedikazio osoz lanean ari diren profesionalen kopurua oso txikia da, larritzat jo daiteken kopurua. Gainera, gaur egun nekazaritzara osoki dedikatzen direnen adina oso altua da eta 10-15 urteko horizonte batean, ia inor gabe geratzeko arriskuan gaude. Nekazal munduaren deskapitalizazio hau, Gipuzkoako beste eskualdeetan baino lehenago hasi zen Debagoienan eta beste eskualdeetan baino beherago erori da. Aldi berean, landa eremuan bizi eta baserria duten jende asko badago ere (nekazaritzarako aktibo potentzialak), jende horren perfila, asmoak, ahalmenak, sendi jarraipena, ez dira ezagutzen. Dauzkagun "aktiboen" informaziorik ez dago eta horrek sektorea berreskuratzeko estrategia egokiak definitzeko zailtasunak dakar.
Lur egokien gabezia: Debagoienak, orain arte nagusitu edo errentagarri izan diren ustiakuntza motak garatu ahal izateko muga handi bat du: orografia. Ez dago lur eremu zabal eta nahiko laurik eta nekazaritzarako egokienak ziren lur gutxi horietako gehienak (bailaran behekaldeak) galdu dira azpiegitura handien eraginez, etorkizunean ere joera hori jarraituko duela aurreikusten delarik. Horrez gain, nahiz eta eskualdeko nekazal jarduera gutxitu den, lur eskaintza ez da gehitu. Eskualdean nekazaritzak jarraipena izateko dituen zailtasun ugariren artean, lur egokien eskasiarena arazo garrantzitsua da.
Nekazaritzaren irudia: nekazal aktibitatean lanean dihardutenek (bai dedikazio osoz bai misto bezala), etorkizunari buruzko ikuspegi ezkorra dute eta hori landa inguruneko gainontzeko jendearengana ere zabaldua dago. Debagoienako gizartearentzat, gainera, nekazaritza aktibitatea, ia "folklore" hutsean bihurtua dago. Landa ingurunean bizitzea normala eta nahiko erakargarria dela kontsideratzen da baina ez nekazaritzan lana egitea (eskualdean ia ezinbestekotzat jotzen da kooperatiba munduan lana egitea). Ikuspegi horri asko laguntzen dio, beste erakundeek, agentziek eta abar, modernitate eta aurrerapen irudia transmititzen duten bitartean, eskualdeko landa erakundeek (Bergarako egoitzan kokatuta daudenak adibidez), estankatutako edo zaharkitutako irudia transmititzen dutela. Sektorearen adierazle da eraikina bera.
Inguruneko erasoetatik lurraren babesa (azpiegitura handiak, presio urbanistikoa...) eta kudeatze egokia.
Ekipamendu eta zerbitzu mota guztien eskuragarritasuna (biztanleriaren beharretara egokitzen den garraio zerbitzua, komunikazio egokituak...).
Baserriaren bizi iraupena iharduera ekonomiko gisa:
- Dibertsifikazioa
- Errentagarritasuna
- Bizi kalitatea
- Belaunaldi aldaketa
- Sektorearen duintasuna
- Idiosinkrasia
Biztanleriaren mantentzea landa ingurunean:
- Etxebizitzarako aukera
- Lanpostu berrien sorrera
- Teknologia berrien barneratzea
- Landa ingurunearen kultura eta nortasunaren mantenua
Jarduera koordinatu eta hitzartua erakunde lokal eta bailara mailakoekin eta landa gunea osatzen duten auzo ezberdinen artean.
Lehiatzeko Abantailak
Sentsibilizazioa: gizartearen sentsibilizazio eta kontzientziatze ahaleginetan pauso dexente eman dira eskualdean (Debarroa proiektua adibidez) eta lan dinamika bat sendotu da. Horren ondorioz, gizarteak nekazaritzarekiko eta landa guneekiko daukan ikuspegia aldatuz doa eta bide berriak irekitzen laguntzen du (hezkuntza munduan, sare ekonomikoan, turismoan, ingurunearen mantentzean...).
Inplikazioa eta laguntzak: landa eremuen birdefinizioak(udalerri "urbanoen" landa auzoak aintzakotzat hartuak izateak)dirulaguntza programa berriei begira (PDRS 2007-2013, Erein, Leader...) eta gizarte nahiz administrazioaren kontzientziatze igoerak landa eremuen arazoekiko eta funtzioekiko, aukera berriak eskaini diezazkieke eskualde honetako landa eremuei: finantziazio iturri berriak, administrazio desberdinen inplikazioa handitzea, konpentsazio desberdinak lortzeko aukerak aprobetxatzea (azpiegitura handiek eragiten duten kalteen ordainak...).
Koordinazioa: beste eskualdeekin alderatuz, herri gutxiz osatua dago eskualde hau eta landa auzo gehienetan ordezkariak (auzo alkateak) daude. Horrek bere alde ona du, administrazio aldetik maneiagarriagoa izan daitekeelako, gestionatzen errazagoa, baldin eta udal bakoitzeko erreferente izan daitekeen pertsonaren lankidetza eta konplizitatea lortzen bada.
Nekazaritzaren berreskurapena: dedikazio "mixtoa" daukaten baserritar asko dago eskualde honetan (1300 inguru). Hauek, beraien perfila eta asmoak ondo ezagutuz eta estrategia egokiak bultzatuz gero, potentzial garrantzitsua bilakatu daitezke nekazaritza sektorea berreskuratzeko. Estrategien zehaztapen horretan kontutan izateko faktore garrantzitsu bat, hirigunearen gertutasuna izan daiteke, sektorearen dibertsifikazio aukera errazten baitu (salmenta zuzena, nekazal turismoa, zerbitzu konbinatuak, teknoturismoa...).
Eskualde honek ondare natural, historiko eta kulturalaren presentzia oso handia dauka eta horien adierazle nabarmenena (ondare mota guztiak bereganatzen dituena) Arantzazu da. Gaur egun, ingurumenaren eta, orokorrean, landa inguruneak zerbitzu emaile gisa joka dezakeen paperaren inguruko balorazioa eta sentsibilizazioa gora doazela eta, Arantzazuk eta bertako erreferentzialtasunak aukera ugari eman ditzake arlo desberdinetan.
Hiri eremura gertutasuna:
eros ahalmen handiko bailara da eta gainera zerbitzuak gertu daude.
Elkartegintza/kooperatiba kultura: eskualde ikuspegia hainbat alorretan (hedabideen garapena, teknologia berrien ezarpenerako proiektuak...)
Turismoa eta aisialdiaren hedapenerako baliabide garrantzitsuak: Aizkorriko Parke Naturala, Arantzazu, Urkulu... Bailararen dinamizazio maila hainbat proiektu aitzindariren garapenean: komunikabideak, teknologia berrien ezarpena...