Lehen sektorearen ezaugarri nagusienak eskualdean

behiak

Ezaugarri nagusiak

  • Lehen sektorea garatzeko zailtasun handiak daude, industriaren nagusitasunak nekazaritza uztea ekarri du jarduera nagusi bezala (%90a dedikazio mistoa), eta presio handia dago landa lurretan. 60 baserritarrek daukate dedikazio osoa.
  • Baso-erabilpena oso handia da eskualdeko landa lurretan.

Lehen sektoreak behera

Azkeneko urteetan, Debagoieneko lehen sektoreak behera egin du nabarmen, bizitasuna galdu egin du.
Gaur egun oso gutxi dira ustiapen profesionalak edo dedikazio gehiengoa ustiapenari lotuta duten baserriak (60 inguru), nahiz eta geratzen diren gutxiak geroz eta aurreratuago, espezializatuago eta profesionalagoak diren.
Baserri mistoa, hau da, nekazaritzaz aparte beste jarduera bat daukan baserriak berriz (batez ere industrian, hau izaten da jarduera nagusia eta ez baserrikoa), ugaria da oraindik, hauetan dedikazioa geroz eta txikiagoa da.

Joera hau, lehenengo sektorearen ahultzea, nahiz eta orokorra izan, eskualdean oso markatua da berariazko arrazoiengatik:

  • Bailararen estutasunak lur lauen gabezia ekartzen du, hauek erabilera errentagarriagoetara bideratzera eramaten du: industria, etxebizitza, etb. Kontuan hartu gabe baserriko jarduerak gizarteari ekartzen dion onurak baloratuta errentagarritasuna lortzea badugula.
  • Industriak/Kooperatibismoak daukan indarrak eskualdean (beste eskualdeekin konparatuta) konpetentzia izugarria egiten dio sektoreari, presio fisikoaz gain lan esku gabezia ere ekartzen baitu industriak dauzkan baldintza hobeengatik: ordutegi hobeak, lotura gutxiago, inbertsio txikiagoak, etb.
  • Lehenengo sektorearekiko sentiberatasun urriak gizartean orokorrean eta administrazioan zehazki, beste jarduera batzuei lehentasuna ematera bultzatzen du.
  • Baserri lanak ez du prestigiorik eskualdean ez baserritarrengan, ez administrazioan ezta kaletarrengan ere. Beti izan da nolabait gutxietsita, industria edo kaletarren aurrean konplexuz betea eta estima falta honek eragin zuzena dauka jardueran.
  • Baserriak berriz, sekulako prestigioa dauka etxebizitza bezala herri nahiko saturatuz osatutako bailara honetan, honek dakarren espekulazioarekin eta lurra lortzeko zailtasunarekin. Honez gain, egoera honek lurrak alokatzeko aukera ere zapuztu egiten du.
  • Elkartzeko joera ere oso urria da, hein handi batean sakabanaketa oso handia delako. Indibidualismoa da nagusi. Garai bateko auzolanak ere indarra galdu du ekoizpen sistemari begira. Hori gutxi balitz, hemengo gure baserri ereduak gaur egun merkatuko baldintzetan (osasun, erregistro, etb.) ekoiztu ahal izateko, inbertsio handiei aurre egin behar die ekoizpen txikiekin.
  • Herri-lur gutxi dago (Gatzagan eta Oñatin izan ezik) eta dagoena nekazaritza eta abeltzaintzarako gutxi aprobetxatua (Oñatiko mendietan izan ezik). Ekimen berriak bultzatu beharko lirateke lurrak jarduera horietan erabiltzeko.

Honek guztiak etsipena ekarri du nabarmen sektorera eta jarduerekin jarraitzeko aukera gutxi dagoela barneratuta dago eskualdean.

Orokorrean ustiapen tradizionaletan eta sektorean egin beharrekoak teknifikazio, modernitate eta profesionaltasunari begira izan beharko lirateke. Hau sektorearekiko dagoen prestigioa hobetzeko eta bailarako harrotasunerako beste arrazoi bat izan daiteke, industria kooperatibak egun diren bezalaxe. Baserriaren funtzio aniztasuna balorean jarri beharrean dago. Baserritarraren lanaren bitartez gizarteak jasotzen dituen onuraren balorazioa egin beharra dago.